X

Nueva guía gratuita 'Colores con impacto positivo' para crear una paleta atractiva, inclusiva y ecológica

Descárgala aquí →
  • Skip to main content
  • Skip to footer
  • Hasiera
  • Niri buruz
  • Zerbitzuak
  • Proiektuak
  • Kontaktua
  • Bloga
  • Español

Aizu Aiz

Aizu Aiz

Diseinu grafiko jasangarria

Menu

Opariak modu jasangarriagoan biltzeko 5 modu sortzaile

2020-12-23 by aizuaiz

Olentzero eta Mari Domingi biharko plangintzari bueltaka ibiliko dira buru belarri. Seguruenik momentu hauetan etxe guztiak modu eraginkorrenean pasatzeko ibilbidea prestatzen arituko dira, oparien zerrenda amaigabea errepasatzen duten bitartean.

Euren lana arintzeko opariak bilduz esku bat botatzea pentsatu baduzu, 5 proposamen sortzaile prestatu dizkizut, aukera original eta arduratsuagoen alde egiteko.

01 / Berrerabili etxean dituzun materialak

Opari papera erostera atera aurretik, bilatu dagoeneko badituzun paper eta kaxak. Agian egin duzun erosketa batekin zetorren zeta edo kraft papera izango duzu, baita poltsak eta bidalketa kaxak ere. Aprobetxatu oinarri moduan.

ARGAZKIA: MOYO STUDIO

02 / Aukeratu bilgarri berrerabilgarri bat

Batzuetan telazko zakutxoak ere izaten dira etxean eta oso egokiak dira opariak barruan sartu eta ondoren hartzaileak bigarren erabilpen bat emateko. Josten badakizu, zuk zeuk ere sor dezakezu etxean dituzun oihalekin, edo zuzenean opariaren parte izango den zapi bat erabili bilgarri moduan, Furoshiki teknika erabiliz.

ARGAZKIAK: alamaisonco

03 / Apaindu bilgarria zure eskuekin

Aipatutako materialek seguruenik ez dituzte opari paper klasikoen kolore eta marrazki biziak izango. Baina zure sormena eta eskuak erabiliz, pakete zoragarriak sortu ditzakezu. Adibidez, seilu batekin apaindu ditzakezu kaxak, edo papera modu original batean tolestu dezakezu, ehundura politak sortuz.

ARGAZKIAK: trendenser

04 / Apaindu bilgarria elementu naturalekin

Erabiliko duzun oinarria paperezkoa bada, utzi alde batera plastikozko zinta itsaskorra eta horren ordez, aukeratu sokak. Horrela, bi materialak banatzea erraztuko duzu eta lokarri hauek berriz erabiltzeko aukera eskainiko diozu hartzaileari. Gainera, sokak baliatuz, mendian aurkitutako hosto, lore edo adar lehor batekin (betiere lurrera eroritakoak hartu, ez moztu zuhaitz batetik) apaindu dezakezu oparia. Etxean lehortutako fruta batek ere toke koloretsua eman diezaioke. Gainera, behin paketea irekita, apaingarriak etxean jartzeko erabil daitezke.

ARGAZKIA: BABESINBOYLAND
ARGAZKIA: PLANTEDINTHEWOODS

05 / Eman zure ukitu pertsonala

Azken proposamena bilgarriaren barruan idatzi edo argazki bat gehitzearena da. Aurtengo urtean zehar eskaini dizuna eskertuz, opariaren nondik norakoak azalduz, bion arteko momentu bat burura ekarriz… urte amaiera (eta baita beste edozein une ere) momentu aproposa da duguna baloratu eta adierazteko.

ARGAZKIA: Kate Macate
ARGAZKIA: THESEFOURWALLSBLOG

Beraz, hauexek dira opariak modu arduratsuagoan biltzeko nire bost ideiak. Gogoratu helburua oparia irekitze hutsarekin zaborra sortzea ekiditea dela, eta horren ordez, bigarren bizitza bat izan dezakeen bilgarri bat eskaintzea. Aldi berean, ez ahaztu sinpletasuna ere ederra izan daitekeela.

Aukera gehiago arakatu nahi badituzu nire Pinteresteko arbel hau ikustera gonbidatzen zaitut, bertan gordetzen joaten bainaiz aurkitzen ditudan ideia polit, desberdin eta jasangarriak.

Honekin batera Gabon zoriontsuak opatzea besterik ez zait geratzen, egun hauek eta 2021ak dakartzanak ondo igarotzea desio dizuet. Laster arte!

Filed Under: Bilgarriak

niri buruz

zerbitzuak

kontaktua

Aizu Aiz

bloga

newsletter

instagram

© Aizpea Lasa Muxika  ·  Lege oharra  ·  Pribatutasun politika  · Cookie politika

Copyright © 2025 · Aizu Aiz · Diseinu grafiko jasangarria · Theme by ZIGZAGPRESS