Marka eta bilgarri jasangarrien diseinua
ukendu, olio eta xaboi naturalentzat
Mimogoxo kosmetika naturalen marka bat da. Bere sortzaileak, ukendu, olio eta xaboiak sortzen ditu modu artisauan, eskala txikian eta ingurunea ahalik eta gehien zainduz.
Mimogoxo markaren helburua, norbere burua eta besteak mimatu eta goxatzeari garrantzia eta ikusgarritasuna ematea da.
Marka diseinua:
Izaera hori oinarri hartuz, tipografiak forma biribilduak ditu, leun eta atseginak. Gainera, G hizkia eraldatu dut besarkada goxo baten moduan bere burua inguratu dezan. Honek autozaintzari erreferentzia egiteaz gain, pertsonalitate bereizgarria ematen dio, bakarra eta errepikaezina, produktu artisauak bezalakoxea.
Aldi berean, hizkien erremate txikiek profesionaltasuna adierazten dute, produktu zaindua eta kalitatezkoa dela adieraziz. Lerroen lodierak sendotasuna, konfiantza eta irakurgarritasuna gehitzen dio izenari.
Izen luzea izanik, espazio txiki, karratu edo bertikaletarako, bi lerrotako logotipo aldaera ere sortu dut.
Horrez gain, logotipoko G hizkitik abiatuta, marka-sinboloa diseinatu dut errepikapenaren bidez. Zeinu abstraktu honek lauburua eta lore edo landarea ekar dezake burura, bertakotasuna eta produktuen jatorria indartuz.
Bilgarri jasangarrien diseinua:
Etiketen hondorako kolore urdinak erabili dira, lasaitasuna, gardentasuna eta zaintza transmitituz. Testuen oliba berde ilunarekin konbinatuz, naturaltasuna ere azpimarratzen da. Hondoko forma borobilduak (g hizkitik eratorriak) babesa eta goxotasuna ematen diote osotasunari.
Tipografiei dagokienez, logotipoko serifadun hizkiek kalitateari egiten die erreferentzia eta beste testuetarako tipografia garbi eta lineala aukeratu da, irakurgarritasuna lehenetsiz. Egitura ordenatuak profesionaltasuna adierazten du. Seilu bat ere gehitu da, bertakotasunari erreferentzia eginez.
Etiketak paper urdin argian inprimatuz tinta gutxiago erabili beharko da. Ondoren, pegatina zuriarekin itsasten dira ontzira. Modu honetara, papera bere aldetik birziklatzea errazten da, baita ontzia berrerabiltzea ere.