Osagarri jasangarrien
marka diseinua
Marka nortasuna:
Koöl markaren atzean Karmele dugu, sortze prozesu osoaz modu kontziente eta motelagoan gozatzen duen artisau gaztea. Berak, egunerokotasunean erabiliko ditugun osagarri jasangarriak sortzen ditu. Diseinu esklusiboak dira eta banan banan eskuz lantzen ditu, eskala txikian eta ingurunea ahalik eta gehien zainduz.
Bere bezeroek moda gustuko dute eta garrantzia ematen diote originaltasunari, ekoizpen etikoari eta bertakoa kontsumitzeari. Kalitatezko piezak ez ezik, euren loökari ukitu berezia emango dion eskuz landutako osagarriak bilatzen dituzte.
Marka nortasunari dagokionez, proiektu sortzailea, alaia eta gertukoa da Koöl, baita artisaua, kalitatezkoa eta atenporala ere.
Marka diseinua:
Fintasuna eta kalitatea adierazten duen tipografia hartu dut oinarri: serifa sotilak ditu, elegantzia eta profesionaltasuna adierazten du serioegia izan gabe.
Horrez gain, K hizkia eraldatu dut, jasangarritasuna, naturaltasuna eta ukitu artisaua nabarmentzeko bi hosto gehituz. Emaitza berezia eta organikoa du, eskuz egindako bere produktuen antzera, logotipo sortzailea eta errepikaezina lortuz.
Kolore paletari dagokionez, saturazio baxuaren alde egin dut, lurrari lotutako tonuak aukeratuz. Puntu koloretsua galdu gabe, gertuko marka baten konnotazioak indartzen ditu, artisaua, naturala eta anitza dela adieraziz.
Lau azpimarkak osatzeko, tipografia lineal baten alde egin dut eta, identifikazioa errazteko, atal bakoitza kolore batez identifikatzen da.
Aldi berean, seilua osatzeko K hizki bereizgarria hartu dut sinbolo moduan eta tipografia lineal berarekin osatu da testua, protagonismoa K-ren forma organikoetan mantenduz.
Elementu guzti hauek erabiliz, Instagramerako txantiloiek izaera dinamiko eta alaia dute, eta produktuen ezaugarriez gain, kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientzia zabaltzeko daude pentsatuak.
Bukatzeko, etiketak Cotton Yute paper organikoan egitea proposatu da, kotoi-hondakin eta jute-hondakinekin eskuz egina. Honen gainean, Koöl marka erliebearen bidez adierazi eta tinta ekologikoekin informazioa inprimatuko da.
Argazkiak: Koöl
Zure markak ere ingurunea eta pertsonak errespetatuz bezero egokiak erakartzea gustatuko litzaizuke?
Has gaitezen lanean