Goierriko produktu eta zerbitzuak ezagutarazteko marka, komunikazio-euskarri eta online dendaren diseinua
Goierriko Azoka eskualdeko produktu eta zerbitzuen kontsumoa sustatzeko plataforma digitala da.
Proiektuaren helburua negozio txikiei euren espazio digitala sortzeko lehen urratsak ematen laguntzea da, inguruko denda, ostalari, zerbitzu eta ekoizleen eskaintza zabala ezagutaraztearekin batera.
Marka diseinua:
Marka hurbila, irekia eta gaurkotua da, baina tradizioa alboratu gabe.
Nortasun hori logotipoan irudikatzeko, alde batetik, tipografia zuzen, garbi eta modernoa eta, bestetik, serifadun tradizionalago bat konbinatzea erabaki dugu.
Gainera, erdialdean kokatutako O hizkiak plaza zirkular zabal bat irudikatzen du, azokak egiten diren espazioa gogora ekarriz eta izenari erreferentzia eginez.
Aldi berean, proiektu honen helburua parte-hartzaile guztiak kohesionatu eta ahalduntzea da, produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituztenak kontsumitzaileekin uztartuz.
Lotura hori modu sotilean sinbolizatzeko, AZ eta KA hizkiak elkartu ditugu.
Markaren ikus-nortasuna osatzeko, lur koloreen gama aukeratu dugu atmosfera goxo eta diskretua sortzeko asmoz, benetako protagonistak nabarmentzea ahalbidetuz: Goierriko denda, ostalari, zerbitzu eta produktuak.
Komunikazio-euskarrien diseinu jasangarria:
Proiektua zabaldu eta publiko objektibo desberdinetara iristeko hainbat aplikazio landu ditugu.
Proiektua batez ere digitalizazio-maila txikia duten negozioetara bideratuta dagoenez, ezaguna zaien euskarri fisiko bat sortzea erabaki dugu: eskuorria. Bertan, proiektuaren xehetasun guztiak azaldu eta ohiko harremanetarako bideak eskaini ditugu, telefono deia edo bisita presentziala, esaterako.
Horrez gain, paper birziklatuan inprimatua izan da, tinta begetalak erabiliz. Gainera, liburuxkari bigarren bizitza bat emateko aukera aztertu dugu, bere bizitza erabilgarria luzatuz eta hondakinak murriztuz: negozioak proiektuan parte hartzea erabakitzen badu, URL pertsonalizatua idatzi eta erakusleihoan jar dezake, lokala itxita dagoenean bezeroei bere espazio digitala bisitatzeko aukera eskainiz.
Bestalde, proiektua herritarrengana hurbildu eta kaleetan presentzia izateko, oihalezko poltsak egitea erabaki dugu. Hauek sortzeko Ehunkide (eskualdeko gizarteratze eta laneratze joskintza tailer txikia) izan dugu bidelagun.
Goierriko Azoka ikusarazteaz gain, tote bag-aren helburua herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientzia sortzea izan da bertan serifgrafiatutako esaldiaren bidez, baita poltsa berrerabiliz hondakinen murrizketa sustatzea ere.
Web diseinua eta online denda:
Plataforma digitala izan da proiektuaren oinarri nagusia. Honen diseinuak bisitariei behar dutena modu erraz eta intuitiboan aurkitzen laguntzea izan du ardatz, testu, mapa edo kategorien bidezko bilaketaren bidez, besteak beste.
Era berean, proiektuari buruzko informazio guztia eskaintzen du, baita urrats erraz batzuetan izena emateko aukera ere. Webgunea bisitatu dezakezu hemen: goierrikoazoka.eus
Proiektuaren eragina hedabideetan:
Goierriko Azokak oihartzuna izan du eskualdeko eta lurraldeko prentsan, telebistan eta irratian. Agian, hauetako hedabideren batean entzungo zenuen proiektuari buruz:
Noticias de Gipuzkoa, Diario Vasco, Goierriko Hitza, Goiberri, Goierri Telebista, Segura Irratia…
Zure markak ere ingurunea eta pertsonak errespetatuz bezero egokiak erakartzea gustatuko litzaizuke?
Has gaitezen lanean