X

Nueva guía gratuita 'Colores con impacto positivo' para crear una paleta atractiva, inclusiva y ecológica

Descárgala aquí →
  • Skip to main content
  • Skip to footer
  • Hasiera
  • Niri buruz
  • Zerbitzuak
  • Proiektuak
  • Kontaktua
  • Bloga
  • Español

Aizu Aiz

Aizu Aiz

Diseinu grafiko jasangarria

Menu

Gabon hauetan opari arduratsuagoak egiteko 5 ideia

2020-12-15 by aizuaiz

Aurtengo Gabonak desberdinak izango dira, ez dago zalantzarik.

Ez gara janari goxoz betetako mahai luuuuze baten inguruan familiako denok elkartuko; ez ditugu ordu txikitan lagunekin tabernak algaraz beteko; ez gara etxez etxe alai abestu eta egun zoriontsuak opatzera aterako; ez gara etxeko txikien zirrara partekatuz Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ikustera joango.

Baina ziurrenik mantenduko dugun ohitura bat gertukoenei opariak banatzearena izango da. Argi dago abendua urtean gehien kontsumitzen den garaietako bat dela. Eta honek bere eragin ukaezina du ingurumen, pertsona eta ekonomiarengan.

Baina, aldi berean, maite ditugun pertsonengan pentsatu eta zerbait eskaintzeak edo geure buruarentzat aspalditik desio genuen zerbait eskuratzeak, badu harrapatzen gaituen zerbait, are gehiago urte zail honen bukaeran.

Horregatik, zerbait erostea erabaki baduzu, proposamen bat egin nahi dizut: dena hankaz gora jarri den garai honetan, zergatik ez diogu oparien zerrendari ere buelta ematen?

Dakizunez, pandemia honek gogor astindu ditu artisau, sortzaile, artista, ekoizle eta denda txikiak. Multinazional handien prezio eta etxez etxeko zerbitzu azkarrari aurre egiteko aukerarik gabe, egoera hauskorrean daude asko eta asko.

Eta proiektu hauen atzean ilusio eta beldurrez betetako pertsonak daude. Gure bizilagunak, anai-arrebak, gurasoak edota lagunak dira akaso, eta ziurgabetasunez Gabonetarako euren eskaintza prestatzen ari dira egun hauetan.

Badakizu gertuko negozio arduratsuei erostea abantailaz josita dagoela, ezta?

Bertako produktu, zerbitzu edo esperientziak eskuratuta, planetako beste muturretik bidalketak egiteak dakartzan CO2 isurketak eta ireki bezain azkar hondakin bihurtzen diren bilgarri bukaezinak ekidin ditzakezu, tokiko ekonomia indartu eta zure ingurukoen ametsen alde eginez, besteak beste.

Horregatik, hausnartutako kontsumo arduratsuago baten alde egitera animatu nahi zaitut, benetan erabilgarria den zerbait aukeratuz eta bertan ekoiztutako eta kalitatezko produktu edo zerbitzuak lehenetsiz.

Badakit, badakit… Batzuetan zaila da opari iraunkor, jasangarri eta praktikoak aurkitzea. Bide horretan laguntzeko, niri gustatzen zaizkidan sortzaile, denda eta ekimen batzuk partekatzea pentsatu dut, inspirazio moduan eskura izan ditzazun.

Ohar bat: jarraian ikusiko dituzun markak Goierri inguruan kokatuta daude, nire eskualdean. Zu beste zonalde edo herrialde batean bizi bazara, erabili adibide bezala eta saiatu zure inguruko negozioetan begia jartzen. Bestalde, zerrendatu ditudan proposamenak benetan gustatzen zaizkidan markak dira, ez dira iragarki edo afiliazio estekak, eta baimena eskatu diet artikulu honetan aipatu eta euren argazkiak erabiltzeko. Baliagarri izango zaizkizula espero dut!

Opari arduratsuago bat egiteko 5 ideia polit

01 / ESPERIENTZIA BAT

Lehen aurreratu dudan moduan, esperientzia bat oparitzea aukera ederra da: kontzertu edo antzerki baterako sarrera bat, gustatzen zaizun jatetxean afari bat, eta zergatik ez, zeramika landuz zeure piezak sortzeko ikastaro bat.

Nire proposamena:

Zure inguruko norbaiti datorren urtea modu sortzailean hastea opa diozu? Umetatik askotan parte hartu izan dut Pott Keramika estudioaren tailerretan. Probatu eta ikasi Maite eta Joneren esperientzia zabaletik. Aldiz, eskuak zikintzearen ideiak zirrararik sortzen ez badizu baina modu artisauan egindako piezak gustatzen bazaizkizu, eurek sortutako bat oparitzeko aukera ere baduzu ; )

Pott Keramika estudioan katilu bat egiten
Pott Keramika estudioko katiluak
Argazkiak: Pott Keramika

02 / ARROPA ETIKO ETA JASANGARRIA

Arropa oparitzea klasiko bat da, eta zure zerrendan badago, moda eta osagarri jasangarrien alde egitera animatu nahi zaitut.

Nire proposamenak:

Lazkaon kokatutako Miszelania Concept Store dendatxo zoragarria da. Ainitzek mimo eta irizpidez aukeratutako piezak aurkituko dituzu bertan: jantziak, bitxiak, osagarriak, etxerako apaingarriak… Gainera, pieza bakoitzaren atzean dauden pertsona eta proiektua kontatuko dizkizu, zu ere istorioaren parte eginez.

Miszelania dendaren barrualdea
Miszelania dendaren barrualdea
Argazkiak: Miszelania

Bigarren eskuko piezak ere apustu ederra dira. Oraindik oso ohituta ez bagaude ere, aukera jasangarrienetako bat dagoeneko sortuta dauden jantziak berrerabiltzea da. Pausua eman nahi baduzu Zuzeu Tolosa bisitatzea gomendatuko nizuke.

Lidiak sekulako artea du produktuak erakutsi, komunikatu eta biltzeko garaian. Gabonetako “Merkalidioa” ere prestatu du dendan bertan, ze beste aitzakia behar duzu bertatik pasatzeko?

Zuzeu Tolosa bigarren eskuko arropa denda
Zuzeu Tolosa bigarren eskuko arropa denda
Argazkiak: Zuzeu

03 / ETXERAKO PRODUKTUAK

Pandemia honek etxean normalean baino denbora gehiago igarotzera “gonbidatu” gaitu. Eta agian bizitoki duzun espazioa apaindu eta goxatzeko nahia ere piztuko zizun.

Nire proposamena:

Garai grisak kolore pixka bat jarrita azkarrago pasatuko ote dira? Ez dakit, baina June Martinek diseinatutako lamina hauek edozein txoko alaituko dute behintzat. Gabon zoriontsuak opatzeko postalak ere baditu, zein baino zein ederragoak, ezta?

June Martinen lamina etxean
June Martinen postalak
Argazkiak: June Martin

04 / UMEENTZAKO JOLASAK

Eta ez, ez naiz etxeko txikitxoenez ahaztu. Askotan eurak dira oparien foku nagusia, eskaintza inoiz baino zabalagoa da eta eskuetatik joan ohi zaigu.

Nire proposamena:

Pantailetatik urruntzeko gonbitea egiten digute Kietoparao-ren jolas kit zoragarriek, umeak modu atsegin eta hezigarrian entretenituz. 20 joko baino gehiago eskaintzen dituzte 200 gramoko poltsatxoan, nonahi eramatea erraztuz.

Kietoparao markaren opari kita
Argazkia: Kietoparao

05 / BERTAKO PRODUKTUEN LOTEA

Azken ideia, bertako produktuen lote bat prestatzea da. Inguruko ekoizle eta sortzaileen elikagai eta produktuez betetako kaxek arrakasta ia bermatua dute. 

Nire proposamena:

Itsason prestatzen den herriko produktuen kaxa aukera polita da, edo zeuk kaxa pertsonalizatua sortzea ere dibertigarria izan daiteke. Erosi gehien gustatzen zaizkizun inguruko ekoizle arduratsuen produktuak eta etxean duzun bilgarri bat erabili lotea prestatzeko.

Itsaso herriko produktuen lotea

Erosi tokikoa, erabilgarria eta kalitatezkoa

Gogoratu, opari bat (edo egunerokotasunean behar duzun beste edozer) bertan erostean, banatzen duzun zoriona biderkatu egiten da: jasotzen duenarengan, sortzen duenarengan eta zuregan.

Zuk ere ezagutzen al dituzu proiektu arduratsuak? Asko gustatuko litzaidake zure proposamenak iruzkinetan irakurtzea.

Filed Under: Kategoria gabea

niri buruz

zerbitzuak

kontaktua

Aizu Aiz

bloga

newsletter

instagram

© Aizpea Lasa Muxika  ·  Lege oharra  ·  Pribatutasun politika  · Cookie politika

Copyright © 2025 · Aizu Aiz · Diseinu grafiko jasangarria · Theme by ZIGZAGPRESS