Duela hilabete inguru, Mariana, Guatemalako Unibertsitateko (UVG) irakaslea, nirekin harremanetan jarri zen Produktuen Diseinua eta Berrikuntza karrerako ikasleei diseinu jasangarriari buruzko masterclass bat ematera gonbidatzeko.
Aipatu zidan moduan, bere helburua “ikasleak branding eta packaging arduratsuen arloko nazioarteko testigantzetara hurbiltzea” zen. Gustura berretsi nuen eskaera.
Duela bi egun burutu genuen online saioa eta, ordu eta erdiz, nire ibilbidea, landu ditudan proiektuak eta jarraitzen dudan metodologia partekatu nituen ikasleekin, diseinu bakoitzak denontzat etorkizun inklusibo, ekologiko eta oparoagoaren alde egin dezan.
Diseinu iraunkorraren hiru zutabeez hitz egiteaz gain (ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-inpaktua), bizitza-zikloaren etapa bakoitzean aplika ditzakegun galderen zerrenda bat ere proposatu nien entzuleei, emaitzak pertsonekiko eta planetarekiko errespetuzkoak izan daitezen.

Ikastaroko ikasleen zenbait iritzi:
Ana Cecilia:
“Asko gustatu zitzaidan packaging jasangarria diseinatzeko prozesua konplexua dela ulertzea, xehetasun txikietan pentsatu behar baita 3 ardatzetan eragin negatiborik ez sortzeko. Aizpeak esan zuen guztia oso interesgarria iruditu zitzaidan, egia esan, horrelako ikastaro gehiago jaso nahiko nituzke.”
Tatiana:
“Oso interesgarria iruditu zitzaidan diseinua iraunkor bihurtzeko prozesua ezagutzea. Gainera, izugarri gustatu zitzaidan nire galdera erantzutea: bilgarriek nola eragiten edo laguntzen dioten ingurumenari. Primeran azaldu zuen guztia. Zalantzarik gabe, beharrezkoa da diseinu-joerak jasangarritasunaren eskutik joatea. Bukatzean, modu kontzientean diseinatzeko gogoa piztu zitzaidan, pausoz pauso hobetu ahal izateko.”
Pablo:
“Gehien gustatu zitzaidana materialak alferrik ez galtzeko ontzia birpentsatzeko modua izan zen. Pozik atera nintzen saiotik, diseinu zirkularrari buruz gehiago ikasteko gogoz, alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa bateratuz.”
Linda:
“Informazio guztia oso interesgarria iruditu zitzaidan, entzundako hitz bakoitza oso garrantzitsua izan zen, are gehiago ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arteko lotura kontuan hartu behar dela jabetu arazi zidanean. Aizpeak dena modu ulergarrian azaldu zuen. Edonon egonda ere gauza asko lor ditzakedala konturatu nintzen, iraunkortasuna erabaki bakoitzean presente izanik.”
Zuri ere diseinu grafiko jasangarriari buruz ikastea gustatuko litzaizuke?
Nire newsletterraren bidez, diseinu grafikoko erabaki bakoitzari iraunkortasunaren printzipioak aplikatzeko inspirazioa eta gomendio praktikoak bidaltzen ditut. Emango ditudan hurrengo ikastaro eta tailerren berri ere ematen dut bertan.
Informazio guztia zure helbide elektronikoan jaso nahi baduzu, hemen eman dezakezu izena. Gustura partekatuko ditut nire ikaskuntzak zurekin.