Historias a Bocados ETB2ko programa bat da, eta Euskal Herriko herrietan zehar ibiltzen da bertako biztanleen istorioak ezagutarazteko asmoz.
2022ko ekainean nire jaioterria bisitatu zuten, Itsaso (Gipuzkoa), eta Joseba Arguiñanorekin diseinu grafikoa ikuspegi jasangarritik lantzearen garrantziari buruz hitz egiteko aukera izan nuen.
Joseba Argiñano: Kaixo Aizpea, zer ari zara, zer duzu eskuartean?
Aizpea Lasa Muxika: Kaixo Joseba! Ba ontzi batzuk prestatzen ari naiz. Urteaga-Urkulegiko fruitu gorrientzat dira: marrubiak, mugurdiak, masustak, ahabiak…
Ontziak beti daude eztabaida ekologikoan… Zuk hori kontuan hartzen duzu?
Jakina. Gaur egun bizi dugun ingurumen- eta gizarte-krisiarekin, uste dut ezinbestekoa dela diseinua iraunkortasunaren irizpideetatik lantzea, planetarentzako eta bertako biztanleentzako etorkizun ekologiko, inklusibo eta oparo baterantz jo nahi badugu.
Ohiko pentsamendua da jasangarritasunak ingurumena zaintzearekin soilik duela lotura. Baina errealitatea haratago doa, gizartea, ekonomia eta ingurumena batzen dituen ikuspegi integrala baita.
Horregatik, diseinu-pieza bakoitzak hiru arloetan izango duen eragina aztertzen dut, eta planetari eta inplikatutako pertsona guztiei mesede egingo dieten erabakiak hartzen saiatzen naiz.
Ekologikoa barrukoa eta ekologikoa kanpokoa, ontzia…
Noski, koherentzia funtsezkoa da alderdi horretan. Ez du inongo logikarik produktu ekologiko bat ingurunea kaltetzen duen ontzi batean saltzeak.
Gainera, egunez egun, kontsumitzaileak kontzientziatuago daude, eta jasangarritasunak gero eta pisu handiagoa du erosketa-erabakietan. Adibidez, erabilera bakarreko plastikoan bildutako produktuak baztertzea ohikoa da dagoeneko, eta horri buruzko legeak ere egiten ari dira.
Eta Urteagarako lanak egiteaz gain… gauza asko egin dituzu herrirako, Itsasorako?
Bai, Itsasorako hainbat proiektutan lan egin dut. Udalaren marka eta webgunea, triptikoak eta informazio-panelak, Itsasoko ibilbideen seinaleak…
Seinaleak Pott Keramika tailerrarekin elkarlanean egin genituen, diseinua eta artisautza uztartuz. Lau ibilbideen izenak dituzten moldeak egin, eta bakoitzari kolore bereizgarria eman genion. Itsasotik paseo bat ematen baduzu, bidea adieraziko dizuten seinale zirkular hauek ikusiko dituzu.
Zeinen interesgarria; lehen, herrian buelta bat ematean ikusi ditut seinaleak, bai. Eta ze ikasketa egin dituzu honetan aritzeko?
Diseinua eta Sorkuntza ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean. Nire ikasketak Bartzelonan sakondu nituen eta, ondoren, Alacanteko diseinu iraunkorreko estudio batean praktikak egin nituen.
Ikasketak amaitu bezain laster, nire diseinu-estudioa sortu nuen, eta, ordutik, hainbat sektoretako 50 negozio baino gehiagorekin egin dut lan: elikadura ekologikoa, moda jasangarria, artisautza, osasuna eta ongizatea, arkitektura eta dekorazioa, ingurumen-hezkuntza, tokiko ekonomia…
Eta non ikasi duzu zeramika erabiltzen?
Maite eta Jone Itsasora etorri ziren eta zeramika lantegia sortu zuten ni jaio baino urtebete lehenago. Hasieratik hasi ziren tailerrak eskaintzen, eta ni 5 urterekin udako ikastaroetan hasi nintzen.
Lantegia hemendik 100 bat metrora dago, eta 30 urteko esperientzia dute zeramika lantzen: baxera-piezak, trofeoak, eskulturak, pieza pertsonalizatuak… Beti da oso aberasgarria haiekin lankidetzan aritzea.
Hain txikitatik bizi izan duzunez… azkenean zure lan-filosofia nolabait markatu dizu?
Nolabait, bai. Niretzat funtsezkoa da tokiko prozesu tradizionalak eta berritzaileagoak elkartzea, inguruneari lotutako eta eragin positiboa sortuko duen diseinua lortzeko.
Zeramikazko belarritako batzuk dituzula ikusten dut, zuk egindakoak dira?
Nire jarduera nagusia diseinu grafikoa bada ere, Pott Keramikako Maite eta Jone lankidetzan portzelana-piezak egiten ditut.
Proiektuak Isla Pitxiak du izena, 2020an jaio zen, pandemia betean. Oso pozik gaude izan duen harrerarekin.
Bitxientzako marka eta kaxa ere diseinatu ditut, berezitasun batekin: logotipoa inprimatzeko tinta erabili ordez, azalean erliebea sortzen duen zigilu lehorra erabiltzen dugu.
Azkenean, Itsason bizi izana inspirazio-iturri izan da…
Zalantzarik gabe. Naturaz, baratze ekologikoaz eta gure ingurunea, ondarea eta kultura zaintzearekin konprometitutako komunitateaz inguratuta hazi nintzen, eta horrek guztiak diseinu grafikoa ikuspuntu arduratsuago batetik lantzeko interesa piztu zidan.
Esperientzia aberasgarria
Plazer bat izan da programan parte hartzea eta diseinu grafikoa erantzukizun sozial, ekologiko eta ekonomikotik lantzeko modua ezagutaraztea.
Mila esker Historias a Bocados saioko talde osoari zuen adeitasun, pazientzia eta lan onagatik.
Elkarrizketaren zati bat ikusi nahi baduzu, bideo-laburpena duzu hemen, eta Itsasoko ekoizpen ekologikoko hiru baserri ezagutuz (Urteaga, Hariztizabal eta Mandubi-zahar) programa osorik ikusi nahi baduzu, hemen duzu saio osoa.