Euskadi Irratiko Amarauna saioan parte hartzera gonbidatu ninduten duela gutxi eta gaur izan da Herri Txikien Akademiak sustatutako saioaren baitan egindako elkarrizketa.
Gorka Otaegi, Arantxa Arza eta Irati Azkue Leunda izan dira elkarrizketatzaileak eta Andoni Dorronsoro eta biok, elkarrizketatuak. Solasaldi honetan herri txiki batean lan egiteko apustua egitearen zioez aritu gara hizketan.
Jarraian, niri zuzendutako galderen laburpen bat duzu.
Irati Azkue Leunda: Egun on, Aizpea. Zer moduz?
Aizpea Lasa Muxika: Egun on, bai, oso ondo!
Itsasok 160 biztanle inguru ditu, Ezkiorekin batera herri izatetik, auzo-udal izaera eskuratzeko lanean dihardu. Indar handiko herria, eta izaera handikoa dela adierazi du beti Itsasok. Gertutik jarraitu duzu prozesua?
Bai, oso hurbiletik. Azken 20 urteotako herri dinamikan parte-hartu dut beste askorekin batera, elkarlanean. Eta udalerri izatera berriro iritsi ginenean garbi ikusi genuen zein garrantzitsua den herri bakoitzak berea administratzea arduraz eta herritarren partaidetzarekin. Honela garatzen dira proiektu biziak.
Diseinu grafiko jasangarria duzu ogibide. Mundua eta bizitza ulertzeko modu bat da egiten duzuna, egiten duzun moduan egitea eta egiten duzun tokitik eta pertsonekin. Nola izan da horretara iristeko bidea?
Egia esan, umetatik naturaz, baratze ekologikoaz eta gure ingurunea, ondarea eta kultura zaintzearekin konprometitutako komunitateaz inguratuta hazi nintzen, eta horrek guztiak diseinu grafikoa ikuspuntu arduratsuago batetik lantzeko interesa piztu zidan.
2015ean, ikasketak bukatzean, diseinu-agentziak begiratzen hasi nintzen, euren lantalderen batera batzeko asmoz. Baina berehala konturatu nintzen hori ez zela nire lekua.
Izan ere, gehienek, nire balioekin bat ez datozen marka handiekin lan egiten zuten, eta ez nuen nire lanaren bidez empresa horiek indartzen jarraitu nahi.
Gainera, gaur egun bizi dugun ingurumen- eta gizarte-krisiarekin, uste dut ezinbestekoa dela diseinua iraunkortasunaren irizpideetatik lantzea eta momentu hartan ez zegoen lan molde honen adibide askorik.
Testuinguru horren aurrean, nire diseinu estudioa sortu nuen, etorkizun inklusibo, justu eta berdeago baten alde lan egiten duten negozio, proiektu eta ekimenei laguntzeko asmoz.
Horrekin batera, Itsasora itzuli eta nire estudioa bertan kokatzea erabaki nuen eta horrek herriko beste negozio batzuekin elkarlanean aritzeko bideak ireki dizkit.
Niretzat funtsezkoa da tokiko prozesu tradizionalak eta berritzaileagoak elkartzea, inguruneari lotutako eta eragin positiboa sortuko duten diseinuak lortzeko.
Beraz, erroetara itzultzeko premia sentitu izan duzu. Auzolanean aritzera ohituta zaudete Itsason bizi zaretenak. Berez dakar herri txiki bateko biztanleak auzolanean aritzea?
Ba atzo bertan izan genuen udazkeneko auzolana, bi egiten baititugu urtean, udaberrian eta udazkenean. 36 herritar elkartu ginen eta ederra izan zen.
Eta herri txiki batek berezkoa ote duen? Landu beharreko zerbait dela esango nuke, gaur egun borondatezkoa baita, garai batean ez bezala.
Beraz, nire ustez, elkartasuna eta lan komunitarioak eskaintzen digun garapena eta ekarpen emozionala esperimentatu egin behar da eta bizipen horiek norberarentzat eta komunitatearentzat positiboak direla sentitu.
Dena dela, ez al duzu uste boluntariotza hori krisian dagoela? Ez al da geroz eta zailagoa auzolanerako jendea batzea? Batez ere gazteak, auzolanerako ohitura gutxi dutenak… zer ikusi duzu Itsason?
Nik gure herrian ikusi dudana da familiak osorik, belaunaldi guztiak batera joan garela, txiki txikitatik.
Atzo adibidez, gazteak Gazteleku berritua izango denaren paretak margotzen aritu ginen, hainbeste gauza egin daitezke auzolanean taldetxoka antolatuta… batzuen eta besteen interesak ere kontutan izatea eta horrela motibazioa mantentzea izan daiteke gakoetako bat.
Horrez gain, ikuspegi komunitarioa lantzea oso inportantea iruditzen zait eta herri txikiek aukera hori eskaintzen dutela uste dut.
Herri txikiak, sarri, landa eremuetan kokatzen dira. Lehenengo sektoreko edo zerbitzu/ostalaritza sektorekoak ez diren beste lanbide batzuetarako parada badago? Edo, bestela esanda, nola egin daiteke ekonomikoki erakargarri herri txiki bat?
Beste lanbide batzuetarako aukera zabala dago, dudarik gabe. Gaur egun testuinguru oso aproposak sortu daitezke landa eremuetako herri txikietan ere, batez ere teknologikoki ondo hornituz gero.
Guk coworking espazioa jarri dugu martxan orain urtebete, Itsasoko udaletxeko ganbaran.
Lanerako espazio partekatu bat sortzearen ideia herritarrei egindako galdeketa batetik sortu zen. Hainbat itsasoarrek etxetik lan egiten zuten eta espazio bereizi baten beharra sentitzen zuten.
Gaur egun herriko arkitekto batek, itzultzaile batek, injineri batek eta neuk lan egiten dugu bertan.
Geure languneaz gain, amankomunean ditugu aurkezpenetarako gunea edo gure bezeroekin bilerak egiteko espazioa, besteak beste.
Honela geuk bertan jarduteaz gain, gurera erakartzen dugu Itsaso non zen ere ez zekien jende asko. Eta espero ez zuten leku zoragarri bat deskubritzen dute.
Askotan aurreiritzi negatiboak daude herri txikiren inguruan… baina potentzial handia dute zalantzarik gabe.
Gazteak zarete eta ekintzaileak, bakoitza bere eremuan. Etorkizun batean, nola ikusten duzu zure burua Itsason lanean? Bizi proiektu oso baterako baldintzak sumatzen dituzu?
Bai noski. Lehen aipatu ditudanak laburbilduz, lanketa arduratsua, kudeaketa parte-hartzaile eta gardena, elkarren arteko giroa zaintzea… balio hauetan oinarritzen dela uste dut etorkizuneko bizi-iraupena, jasangarritasuna maila guztietan eta denontzat ahalbidetzeko.
Eskerrik asko gonbidapenagatik
Plazer bat izan da Euskadi Irrarian landa eremuko herri txiki batetik lan egitearen inguruko nire esperientzia partekatzea. Eskerrik asko Amarauna saioan parte hartzeko proposamena luzatzeagatik.
Programa osorik entzun nahi baduzu, hemen duzu saio osoa.